Ebaluatzeko bitartekariak

on miércoles, 14 de enero de 2009

Tresnak

Ikasgelako jarduerak egiterakoan eta probatako egoeretan behatzea da ebaluazioa egiteko gomendatzen dugun lehen prozedura.
Behaketa hori egiteko tresna egokienak eranskinetan adierazitako adierazleak eta irakaslearen egunkaria izanen dira; azken horretan, irakasleak haurraren eta taldearen jokamoldeak jasoko ditu. Ezin dira ahaztu ikus-entzunezko teknikak; horiek ebaluatzeko tresna baino, behaketa erregistratzeko prozedurak dira. Erabiltzen errazak direla, informazioak iraun egiten duela eta informazio hori jasotzeko daukaten ahalmena dira haien alderdi onena.
Badaude izan garun-paralisia duten haurrentzako berariazko proba estandarizatuak. Garapen kognitiboa balioesteko Columbiako Adimen Heldutasunari buruzko eskala dago. Zenbait egokitzapen egiten ari dira gaur egun eskala eta testetan, hura mugimenduzko ezgaitasunak
dituzten haurrei aplikatu ahal izateko, ordenadorearen pantailaz baliatuta. Ondokoak dira aipatzekoak: Leiterren Nazioarteko Eskala, Ravenen testari buruzko Matriz Progresiboak eta Mª Victoria de la Cruzen Eskolaurreko Testa.

Irakasleria

Tutorea egokitzea

Ikasle-talde baten tutorearen eginkizunak ongi zehaztuta daude Lehen Hezkuntzako Orientabide eta Tutoretzari buruzko dokumentuetan eta Haur Hezkuntzako Gurasoekin Lankidetzan izeneko dokumentuan.
Eginkizun horiek berdin aplika daitezke garun-paralisia duen haur bat dagoen taldeari ere. Hala ere, beste dimentsio bat hartuko dute eginkizunek; izan ere GPdun haurra dagoen taldeak halako berezitasun bat izanen baitu. GPdun ikasle batekin egin beharreko tutoretza lanak berekin ekarriko du tutorea haur horri egokitzea, hezkuntzako erantzuna haren beharretara moldatzeko eta eskola-komunitatea osatzen dutenen arteko harreman egokia laguntzeko: irakasleak (adituak), ikasleak eta gurasoak. Bide horretan, komenigarria izanen da tutoreak ondoko baldintzak betetzea:
– Ezagupen orokorrak izatea garun-paralisiaz eta ikasketan dauzkan ondorioez.
– Taldeak haurrarekiko jarrera positiboa izan dezan estrategia egokiak erabiltzea (taldekatze ezberdinak, tutoretza jarduerak, taldearentzako errefortzuak...).
– Une jakin batzuetan beste irakasle bat (hezkuntzako laguntzailea, fisioterapeuta, logopeda...) ikasgelan egon dadila onartzea.
– Adituen jardunari buruzko orientabideak onartzea.
– Bere burua egokitzea berariazko materiala erabiltzera eta altzari egokituak edukitzera.
– Teknologia berriak (ordenadoreak, konmutadoreak, communicator kanona...) ezagutu eta erabiltzea.
– Adituekin bilerak edo lan saioak egitea ordutegiak zehazteko, baterako programazioak egiteko, materiala prestatzeko...
– Programazioa praktikan jartzerakoan, kontuan hartzea GPa duen haurra ikasgelatik kanpo egon ohi dela, gainerako adituekin bakarkako laguntza jasotzeko.
– Gainerako adituek ikasleari buruz duten informazioa koordinatzea.
– Hartu-eman errazak ezartzea mugimenduzko hezkuntza premia bereziak dituen ikaslearen familiarekin, ondoko helburuak betetzeko:
• Informazioa biltzea (onarpen prozesua, egoera emozionala,
kontuan hartu beharreko inguruabarrak...).
• Hezkuntza prozesuari buruzko eta egin beharreko egokitzapenei
buruzko informazioa ematea.
• Ikasketak orokorragoak izateko laguntza eskatzea (banakako
autonomia, KSA-aren erabilpena, motrizitatea lantzeko jolasak...).
• Orientabideak ematea aisialdiko motrizitate-jarduerei buruz.
• Laguntza eskatzea materialetan egokitzapen txikiak egiteko.

Ikasgelako aldaketak

Ikastetxeko Curriculum Proiektuan erabakiak hartzerakoan kontuan hartzen badira hezkuntza premia bereziak dituzten ikasleak, ikasle horiek curriculum arruntean egoteko bidea erraztuko da.
Ikastetxe mailan egokitzapenak egiten badira, txikiagoak izanen dira ikasle-talde baten programazioa egiterakoan ikasle batentzat egiteko diren egokitzapenak.
Litekeena da ez Ikastetxeko Hezkuntza Proiektuan eta ez Ikastetxeko Curriculum Proiektuan aintzat ez hartzea garun-paralisia duen haurra, edo, bestela, horri buruzko azterketa azaletik baizik egin ez izana.
Horrek ez du zertan oztopo bat izan ikasgela eta ikasle mailan behar diren aldaketak egiteko. Kasu horretan, zehaztapen maila horietan egindako aldaketak etorkizunean Ikastetxeko Hezkuntza Proiektuan eta Ikastetxeko Curriculum Proiektuan egin beharreko aldaketen oinarri izanen dira, ikastetxeko mugimenduzko ezgaituen arretari dagokionez.
Arestian aipatu egokitzapenek, ikastetxeari dagozkion horiek, hezkuntzako eskuhartze integratzailea erraztu nahi dute. Ikasgela mailan –hau da, zehaztapeneko hirugarren mailan– definitu beharko da programazio ezberdinetako hezkuntza lana. Programazio horiek –zabal eta malguak izaki– tokia izanen dute banakako egokitzapenak biltzeko.

Ikastetxea fisikoki egokitu

Ikastetxeko aldaketatzat hartzen dira ikastetxearen ingurune fisikoan eta Ikastetxeko Curriculum Proiektuan egin beharreko egokitzapenak.

Ibiltzeko autonomiarik ez duen haur baten hezkuntza premia bereziei eman beharreko erantzuna ikastetxera joateko moduari irtenbidea bilatzen zaionean hasten da. Hori dela eta, NHBBZk, ikastetxeak berak eskatuta, behar diren izapideak egiten ditu erakunde edo zerbitzu egokietan, behar den garraiobidea eskatzeko.
Sarbidea. Gurpil-aulkiak erabiltzen dituzten haurrak ikastetxera sartzeko desnibelak daudenean, ikastetxeak Arranpa bat jarri beharko du. Arranpa horrek, gehienez ere, % 8ko inklinazioa izanen du; bestalde, 90 cm zabal izan beharko da, gutxienez. Zoruak material labainezina izan beharko du.
Ibilkera egonkorrik ez duten haurrentzat, sarbide hori errazteko 60 eta 80 cm-ko barandak jarriko dira eskaileretan edo sartzeko arranpan.
Ateak. Gurpil-aulkia duen haur batek ikastetxeko ateak erabiltzeko modua izan dezan, ateek palanka itxurako heldulekua edo barra horizontal bat –presio bidez atea irekitzekoa– izan beharko dituzte.
Atea, gutxienez, 90 cm zabal izanen da.
Korridoreak eta eskailerak. Beharrezkoa izanen da esku-banda biribilduak jartzea, paretatik lau cm-tara jarriak eta bi altuera ezberdinetan kokatuak, ibilkera egonkorrik ez duten adin ezberdinetako haurrek erabil ahal izan ditzaten. Esku-bandaren azpiko aldetik biratzeko aukera duen barra bat jarriko da; horren bidez, izan ere, korridorea zeharkatu ahal izanen dute aurkako aldean diren ikasgeletara sartu nahi duten ikasleek.
Aisialdirako patioan, eusteko barra bat jarri ahal izanen da eraikinetik ateratzeko atetik jolasteko eremu ezberdinetara bitarte.
Igogailua. Solairu bat baino gehiago duten ikastetxeetan, igogailu bat instalatu beharko da ikaslea toki guztietara (ordenadoreetako aretoa, laboratorioak, liburutegia...) iristeko modua izan dezan. Izan ere, zaila izaten da horrelako toki guztiak beheko solairuan izatea.
Fisioterapia aretoa. Ikasleak mugitzeko gaitasunak eskuratu eta garatuko baditu, ikastetxeak fisioterapiako material berariazkoa duen areto bat eduki beharko du.
Komuna. Ibilkera egonkorrik ez duten ikasleentzat, komunean usteko barrak jarri beharko dira, fisioterapeutak emanen duen irizpidearen rabera kokatuta. Gurpil-aulkia duen ikasleak maniobra giteko behar hainbateko zabalerako komuna beharko du. Gainera, zabaltasuna beharko da bertan mahai bat ezartzeko, ikasleari haur oihalak
aldatzeko beharra dagoen kasuetan.
Konketak behar bezain altuak eta oinik gabekoak izanen dira, gurpil-aulkia azpitik sartzeko modua izateko; monomandoak eta ispilua ere behar bezain altu jarri beharko dira.
Haurrek manipulatzeko zailtasunak dituztenean, irtenbide ezberdinak bilatu beharko dira xaboia, esku-oihala, komuneko papera eta zisternari eragitekoa kokatzeko orduan. Horrela, ikasleak laguntza handiagoa eman ahal izanen du garbiketa kontuetan.
Komunak oinik ez izatea eta gurpil-aulkiaren altuera berdineanegotea komeni da, transferentzia –hau da, aulkitik komunera eta komunetik aulkira aldatzea– erraztu ahal izateko.
Etengailuak. Gurpil-aulkian dabilen ikasleak erabiltzeko modukoaltueran jarri beharko dira.
Laboratorioak. Mahaiak eta piletak behar den altueran jarriko dira, gurpil-aulkian dabiltzan ikasleek erabiltzeko moduan.

Hezkuntza premia bereziak


Garuneko paralisia duten ikasleen garapen pertsonalik handiena ahalbidetzeko hezkuntza-premia bereziak zein diren zehazteko eta atentzio hori eraginkorragoa izateko nola eman behar den jakiteko, ezinbestekoa da, disciplina anitzeko ikuspegitik, hainbat arlotako ahalbideak eta eragozpenak ezagutzea: mugimendu, hizkuntza eta komunikazio, ezaguera, sentimen, afektibitate eta gizarte, ongizate eta osasunaren arloetan, hain zuzen. Premia horiek arinak eta iragankorrak edo larriak eta iraunkorrak izan daitezke; beti beharko dute banan-banako irakaskuntza, hezkuntza-prozesuan pertsona bakoitzaren ikasteko premia eta moduei erantzungo diena. Hala ere, esparruetako bakoitzean kontuan izan beharreko oinarrizko alderdiak aipa ditzakegu.

MUGIMENA:
Jarreraren kontrola eta mugimenaren garapena lortzea: kontrol zefalikoa, sedestazioa, katuka ibiltzea, bi hankatan ibiltzea, noraezean ibiltzea.
Eskuztatzeko trebetasunak garatzea.
Eguneroko trebetasunetan autonomia lortzea.
Ahal den neurrian, mugitzeko trebetasunak ordenan eta bakoitza bere garaian lortzen uztea.
Prebentziozko atentzioa hartzea hezurretan eta tendoietan gerta litezkeen forma-anormaltasunak saihesteko.

HIZKUNTZA ETA KOMUNIKAZIOA:
Hizketaren garapena: arnasketa-erritmoan, artikulazioan... agertzen diren asalduak zuzentzea.
Hizkuntzaren garapena: egitura morfosintaktiko egokiak erabiltzea, sintaxi konplexuko esaldiak interpretatzea, ideiak hierarkikoki antolatzea...
Hizkuntzaren funtzioen garapena: komunikazio-asmoa garatzea, komunikazio-estrategiak erabiltzea.
Komunikazio-sistema handigarriak/alternatiboak erabiltzea.

EZAGUTZA:
Bere adimen-aukerak garatzea: gorputza ezagutu eta erabiltzea, gauzez ohartzea, ingurune fisiko eta soziala ulertzeko estrategiak garatzea, oinarrizko kontzeptuak garatzea, ikaskuntza instrumentalak lortzea...
Informazioa prozesatzeko gaitasun espezifikoak hobetzea/ indartzea (pertzepzioa, arreta eta oroimena).

SENTIMENAK:
Ikusmenaren edo/eta entzumenaren gabeziak konpentsatzea.

AFEKTIBITATEA ETA GIZARTEA:
Beste pertsona batzuekin harreman normalizatuak izatea eta ahalik eta murrizketa gutxieneko inguruneetan moldatzea.
Autonomiazko azturak lortu eta garatzea.
gizarte-trebetasunak lortu eta garatzea.

OSASUNA ETA ONGIZATEA:
Izan ditzaketen gaixotasunei buruz prebentziozko atentzioa hartzea.
Krisi epileptikoak kontrolatzea.

Haurren eskubideei buruzko hitzarmena

on lunes, 5 de enero de 2009

1989. urteko azaroaren 20an Haurren Eskubidei Buruzko Hitzarmena burutu zen.
Horretan, haur ezinduei bideratutako zatia edo apartadua dago zein hurrenagoko lerroetan erredaktatuko dudana:

"Haur ezinduak bere duintasuna bermatuko duen bizimodu egoki eta betea edukitzeko eskubidea du. Beti ere berez baliatzeko gai izaten eta gizartean parte hartzen lagunduko dioten baldintzetan. Haur elbarri edo adimen ezintasunaren bat duenari zainketa, hezkuntza eta trebakuntza bereziak eskeiniko dizkiote gizarte zerbitzuek. Estatuak beste herrialde batzuek arlo honetan dituzten beharrizanak izango ditu kontuan".

Garapen Afektiboa

on martes, 30 de diciembre de 2008

Ezgaitasuna eta garapen afektiboa:
Urritasunak eta ezgaitasunak eragina al dute, nahitaez, pertsonaren garapen sozioafektiboan? Pertsona bakoitzaren bizitzan, egoera guztiak funtsezkoak dira, eta eragina dute garapenean eta nortasunean.
Ez da gauza bera, altua izatea eta txikia izatea, polita izatea eta itsusia izatea, adimen-gaitasun handia izatea eta adimen-zailtasunak izatea. Eta ez da gauzabera, seme bakarra izatea eta anai-arrebak izatea, edota lau anaia-arrebatako nagusia izatea eta etxeko txikiena izatea.
Halaber, ez da gauza bera langile-auzoan bizitzea eta baserrian bizitzea, ikastetxean ikastea eta egoitzaren batean barneko-ikasle izatea, aitona-amonak izatea edo zorte hori ez izatea.
Hortaz, ezgaitasuna edo urritasuna izatea, pertsonaren bizitzan eta garapen sozioafektiboan eragina duen aipatutako egoera horietako beste bat da (garrantzitsua gainera). Urritasunak eta ezgaitasunak eragina dute familiaren bizimoduan ere. Familiaren bizimoduaren eta zailtasunari eta aldaketari aurre egiteko duen ahalmenaren arabera, urritasuna duen haurrak osasuntsuago edo mintsuago biziko du arazoa. Seme-alaben urritasuna onartzeko gauza diren familiek, arazoarengatik blokeatuta gelditzen diren familiek baino denbora gehiago erabiliko dute eta ahalegin handiagoak egingo dituzte, haurrari behar duena emateko.
Beraz, familiaren bizimoduak ere eragina du urritasuna edo ezgaitasuna duen haurraren garapen sozioafektiboan. Hortaz, badirudi, alderdi horiek guztiak eta beste askok eragina dutela pertsonaren bizitzan eta bizitza horren garapenean.
Beraz, hasieran, urritasunak eta ezgaitasunak garapen sozioafektiboarekin zerikusia dutela esan daiteke.